Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sahara, Mendebaleko

(Arab. Sahara’ al-Gharbiyah). Afrikako ipar-mendebaleko lurraldea, Ozeano Atlantikoaren ertzeko basamortua hartzen duena. Hegoaldeko lurraldea hartzen duen Rio de Oro (Blanco eta Bojador lurmuturren artean) eta iparraldeko Sagia el Hamra lurraldeek osatua da. Mugak: ipar-mendebalean eta mendebalean, Ozeano Atlantikoa; iparraldean, Maroko; ekialdean, Aljeria; ekialdean eta hegoaldean, Mauritania. 267.000 km2 eta 189.000 biztanle. Hiriburua, El Aaiun. Hiri nagusiak: Dajla, Bojador eta Smara. Hizkuntza, arabiarra (hassania).  v  Orografia. Lurralde laua eta hareatsua da oro har. Gora egiten du itsasertzetik barrualdera egin ahala, eta garaiera txikiko mendi harritsuak eta hareatsuak daude. Barnealdean, halaber, itsas mailatik beheragoko haran antzuak dira. Klima kontinentala da, lehorra guztiz. Ez du ia euririk egiten eta ez da ezagutzen emari iraunkorreko ibairik. Sagia el Hamra da hango uadi nagusia.  v  Landareak eta fauna. Landaretzarik ez da ia, are gutxiago erdialdetik hegoaldera. Itsas bazterretik urrun akazia multzo txiki batzuk daude, eta El Aaiun, Smara eta oasi gutxi batzuetan baizik ez dira hazten palmondoak. Fauna ingurugiro latzari egokitu zaiona da: sugeak, muskerrak, karraskariak, azeriak, hienak, ostrukak, leopardoak dira animalia arruntenak, eta ahuntzak eta gameluak, etxabereak. v Biztanleak. Lurradeko lehen biztanleak ziren baina gaur egun berberiar-arabiarrak dira Mendebaleko Saharako biztanle gehienak. Erlijioz musulmanak dira. Mauritaniako eta Marokoko estatuen inbasioaren ondorioz, bi estatu horietako biztanle eta kolonoak kokatu dira Mendebaleko Saharako lurraldean.  v  Ekonomia. Laborantzarik ez dago ia klimaren gogortasunaren ondorioz. Hedadura txikiko gari soro gutxi batzuk, baratze txikiak eta artoa baizik ezin da aldatu oasi edo berdegune zenbaitetan. Garrantzi handiagoa du abere hazkuntzak (ardi, ahuntz eta gameluak), artzain nomaden eskuetan daudenak. Kostaldean berriz, arrantza eta lurpeko aberastasunen ustiapena bereziki dira ekonomia jarduera nagusiak. Fosfato hobi handiak daude kostaldean eta barnealdean; munduko hobirik handienetakoa da Bu-Craa izenekoa. Hala eta guztiz ere, garapen bidean dago Sahara, eta bizi duen gerra egoerak zailtzen du ekonomiaren suspertzea.  v  Historia. Datu gutxi dago Mendebaleko Saharako historiaurreari buruz. Ehiztari eta artzain kulturen aztarnak aurkitu dira Sagia el Hamra-n. K.a. IV. mendean hasi ziren bertako biztanleak Ipar Afrikako Itsas Mediterraneoaren ertzean bizi ziren kartagotarrekin harremanetan; erromatarrekin ere izan zuten harremanik, baina ez sakonak. Berant Erdi Aroko mendeetan herri berberiarrak kokatu ziren lurralde haietan, eta arabiar beduinoak gero. 1346an egungo Rio de Oro-ko kostaldera heldu ziren portugesak eta XIX. mende bitartean europarrak eta musulmanak ibili ziren kostalde hartan. 1884an kokatu zen Rio de Oro-ko badian “Sociedad Española de Africanistas y Colonistas” izeneko elkarte espainiarra eta, hango biztanleekin hitzarmen batzuk egin ondoren, bere babespeko lurraldetzat hartu zuen Espainiako gobernuak eremu hura. Espainiarren kolonizazioak oztopo batzuk izan zituen: Frantziak eskatu zuen lurralde hura, Mauritania barneko lurra zelakoan, eta Ma’ al-Aynyan arabiar buruzagiak lurralde burujabe bat eratu zuen Smara-ko hiria hartu ondoren (1904). 1916-1934 bitartean hartu zituen Espainiako gudarosteak Sahara Mendebaleko lurralde guztiak (Rio de Oro eta Sagia el Hamra). 1957an beretzat eskatu zuen Maroko-ko estatuak lurraldea, eta atzera bota zituen espainiar gudarosteak Maroko-ko osteak bi nazioen arteko mugetatik. 1958an Espainiako gobernuak Sahara Español izeneko herrialdea sortu zuen, eta 1960. urtean beretzat eskatu zuen Mauritaniako estatu berriak. 1963an aurkitu ziren fosfatoak Sahara Mendebaleko iparraldean (Bu Craa), eta 1972an hasi ziren espainiarrak Bu Craa-ko fosfato meatzeak ustiatzen. 1973. urtean sortu zen Fronte Polisarioa, saharatarrek beren nazioaren independentziaren alde eratu zuten erakunde politiko-militarra. 1975eko azaroan, Maroko eta Mauritania onartu zituen Espainiak hango administrazio kide gisa, eta 1976ko otsailean, Espainiak kolonia utzi ondoren, bitan zatitu zuten lurraldea Marokok eta Mauritaniak. Hil berean, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa aldarrikatu zuen Fronte Polisarioak (Nazio Batuen Erakundeko 70 estatuk onartu zuten errepublika berria), eta bi estatu haien eta saharatar abertzaleen arteko gerra zabaldu zen. Mauritaniako gobernuak 1979an bake hitzarmen bat sinatu zuen Fronte Polisarioko buruzagiekin, baina Marokok bere gudarostea eta kolonoak zabaldu zituen Mauritaniak utzitako lurraldera. 1980. urtetik aurrerako urteetan gerran jarraitu zuten saharatarrek Maroko-ko gudarostearen aurka, eta 1988an erreferendum bat egitea erabaki zuen Nazio Batuen Erakundeak Mendebaleko Saharan, 1974an espainiar agintariek egin zuten errolda abiapuntu gisa hartuta. Ez da oraindik erreferendumik egin, oztopoak jarri baitu Maroko-ko gobernuak haren aurrean. 1989an hautsi egin zen urtebete inguruko su-etena, Saharako biztanleen erreferendum baterako negoziazioak bertan behera gelditu zirenean. 1992an Nazio Batuetako ordezkariak izan ziren bertan, Sahara estatu burujabe izatea edo Marokoren mendean geratzea erabakitzeko erreferenduma prestatzeko, baina artean ez da egin.