Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rothschild

Alemaniar bankari dinastia judua, mende t’erdian zehar Europako ekonomiaren eta, zeharka bada ere, politikaren bilakaeran eragin handia izan zuena. Meyer Amschel Rothschild izan zen dinastiaren sortzailea (1744-1812) eta gurasoengandik jaso zuen txanpon eta bitxidenda baten zuzendari lanetan hasi zen Frankfurt am Main-en. Banketxe bat zabaldu zuen, eta Saxoniako Gilen IX.a printzeak gorteko kide egin zuen. Frantziako iraultzak eta Napoleonen gerrek eman zioten, ordea, aberastasunak ugaltzeko parada. Bere seme nagusi Meyer Amschel-ekin (1773-1885) batean Frankfur am Main-eko egoitzako zuzendari zen artean, egoitza berri bat zabaldu zuen Nathan semeak (1777-1836) Londresen 1804an, beste bat seme James-ek (1792-1855) Vienan eta hirugarren bat Karlek (1788-1855) Napolin. Europako monarkiei Napoleonen aurkako gerretan laguntzeagatik jaso zuen Rothschild familiak erregeen laguntza, eta bere egoitzen nazioarteko sareak eskaintzen zion ekonomia egituraz baliatuta, parte zuzena izan zuen industria iraultzaren bilakaeran. Diru inbertsio handiak egin zituen altzairugintzan, mea ustiakuntzan eta ehungintzan. XIX. mendearen bukaeran sortu ziren merkataritza banketxeek eta nazioarteko partzuergoek, ordea, ahuldu zuten, neurri batean, familiaren ekonomia. Lehen Mundu Gerraren ondorioz egoitza guztiak itxi behar izan zituzten, Pariskoa eta Londreskoa izan ezik. Hala eta guztiz ere, garrantzi handia izan du familiak nazioarteko finantzetan.