Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ross, Diana

(Izen osoa, Diane Ernestine Ross). Estatubatuar abeslaria (Detroit, 1944). The Supremes (hasieran The Primettes) taldeko buru moduan hasi zen abeslari gisa ospea irabazten. Talde harekin grabaturiko diskoetan rythm and blues oinarri arina eta Diana Rossen lirismo sentimentala dira aipagarriak. 1970ean kaleratu zuen bakarkako bere lehen diskoa, Reach Out And Touch (Somebody´s Hand) disko txikia hain zuzen, eta arrakasta handia izan zuen Estatu Batuetan eta Britainia Handian, bai harekin eta baita urte hartan bertan argitara emandako Ain´t No Mountain High Enough lanarekin ere. 1970eko hamarraldiko emakumezko abeslari beltz ospetsuena izan zen; bere estiloan samurtasuna eta gozotasuna dira ezaugarri nabarmenenak. 1970eko hamarraldiaren amaieran zenbait disko grabatu zituen, disko musikaren eraginpean, adibidez Love Hangover (1976) eta Upside Down (1980). Disko haiekin goren mailara iritsi zen berriro, eta arrakasta handiz jardun zuen 1985 inguru hartan. Harrezkero, 1990eko hamarraldiaren hasiera arte, jaitsi egin zen apur bat bere maila. 1991ean, halere, The Force Behind The Power argitaratu zuen eta milioi bat diskotik gora saldu zituen, eta 1995ean Take Me Higher kaleratu zuen. Zinemarako ere lan egin du, adibidez Lady Sings The Blues (1973), Mahogany, ahuntz-azala (1975, Betty Gordy) eta Aztia (1978, Sidney Lumet) filmetan.