Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rosal Díaz, Amaro

Espainiar sindikalista eta idazlea (Aviles, Asturias, 1904 – Madril, 1991). 1920rako Gazteria Sozialistetako kide zen, ideologia komunista zuen Ehun umeen taldea zeritzan taldekoa. Espainiako Alderdi Sozialistan sartu zenerako (1933), UGT sindikatuko aspaldiko kidea zen. Bere alderdiaren barruan, Francisco Largo Caballerori jarraituz, Ezker Sozialismoa izeneko joeraren alde egin zuen, Julián Besteiroren talde sozialdemokrataren aurka. 1934an kartzelan sartu zuten, Asturiasko mugimendu iraultzailea piztu zenean, UGTko batzorde nazionalean parte hartzeagatik. Han Santiago Carrillo ezagutu zuen, eta elkarrekin jardun zuten Ezker Sozialismoa edukiz hornitzen. 1936an, Frente Popularraren garaipenaren ondoren, kartzelatik atera zenean, Largo Caballeroren mugimenduari atxiki zitzaion. Urtebete geroago, ordea, haren aurkako korronte kritikoa sortu zuen, erradikalismo faltsua leporatzen baitzion. Gerra zibila amaitutakoan erbesteratu egin behar izan zuen, eta Frantzia, Maroko eta Mexikon bizitu zen. 1948an Espainiako Alderdi Komunistan sartu zen, UGTko kide izateari utzi gabe. Erbesteko aldian langileen higikundea aztertu zuen, eta azterketa horren emaitza dira ondorengo liburuok: Los congresos obreros internacionales del siglo XIX (1953, XIX. mendeko nazioarteko langileen batzarrak), Los congresos obreros internacionales del siglo XX (1963, XX. mendeko nazioarteko langileen batzarrak), eta La violencia: enfermedad del anarquismo (1976, Indarkeria: anarkismoaren gaitza). 1977 eta 1978 bitartean Historia de la UGT (UGTren historia) bildumaren hiru aleak argitaratu zituen. 1976an, Espainiara itzulirik, Alderdi Sozialistako Pablo Iglesias Fundazioarekin elkarlanean aritu zen.