Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rokossovski, Konstantin Konstantinovitx

Sobietar mariskala (Varsovia, 1896 - Mosku, 1968). 1914an tsarraren gudarostean sartu zen baina 1917an iraultzaileekin bat egin zuen. Bigarren Mundu Gerran sobietarren XVI. gudarosteko buru zela, alemaniar ostea gelditu zuen Moskuko hirian (1940-1941). Hurrengo neguan Don ibaiaren inguruko osteen buruzagi zen eta Estalingradoko hiria setiatu zuten 22 dibisio alemaniarrak suntsitzeko berebiziko erasoa gidatu zuen eta gerraren nondik norakoa erabat aldatu zuen. 1944an mariskal egin zuten eta Errusiako lehen eta bigarren fronteen zuzendari izan zen. Zenbait erasoren ondoren Varsoviatik 60 km-ra iritsi zen, eta Ekialdeko Prusia, Pomerania eta Danzig eta Stettin-go eremu batzuk askatu zituen. Poloniako mariskala zen eta Poloniako hiritar egin zen 1949an. Defentsa ministro eta gudarosteko komandante nagusi izendatu zuten. Poloniako ministro kontseiluko lehendakari zen 1952an eta Varsoviako Ituneko gudarosteko komandante nagusia 1955ean. Gomulkak Poloniako aginpidea eskuratu zuenean Sobietar Batasunera itzuli zen eta Defentsa ministrorde (1958) eta Defentsarako ministerioko ikuskatzaile nagusi (1962) izendatu zuten.