Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Roelas

edo Ruelas, Juan de. Espainiar pintorea eta elizgizona (?, 1560 - Olivares, 1625). Italiako pinturaren eragina izan zuen. 1597. urtekoa da lehen obra ezaguna, La elevación de la cruz grabatua (Gurutzearen jasotzea). Apaiz eginik Valladoliden hartu zuen bizilekua (1598-1602) eta hango San Pablo elizan egin zuen lan Bartolome Carducho pintorearekin. 1603an Sevillara joan zen eta hango pintore handienetako bat izan zen. Erlijio gaiak landu zituen betiere; maisutasun handiz erabiltzen zituen koloreak eta argi-ilunak. Eragin handia izan zuen XVII. mendeko pintore andaluziarrengan. Lan nagusiak: Artzainen gurtza (1606), Santiago mairu-hiltzailea (1609), Mesedetakoaren Ama Birjina, Santa Ana Ama Birjinari irakurtzen irakasten, San Andresen martiriaren heriotza, San Bernardoren ikuskaria, San Pedroren askatzea eta San Gregorioren garaipena.