Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rochefort, Christiane

Frantses eleberrigilea (Paris, 1917 - 1998). Psikologia ikasketak egin zituen eta marrazkigileentzako modelo gisa lan egiten zuen ogibidea ateratzeko. Ondoren, kazetaritzan aritu zen, zinema kritika egiten. Gerra ondoren, Cannesko prentsa agregatua izan zen, eta hogei urtez egon zen postu horretan. Literaturari 1953an heldu zion, kontakizun bilduma bat argitaratuz hain zuzen: Le Démon des pinceaux (Pintzeletako deabrua). Hala ere, 1958an lortu zuen ospea, Repos du guerrier (Gerrariaren atsedena) lanarekin. Lan horretan emakume burges bat da protagonista, senarra utzi eta alkoholiko batekin harreman sexual biziak bizitzera joaten dena. Liburua, zenbait kritikariren arabera, pornografikoa zen, eta eskandalu handia sortu zuen; baina Roger Vadimek zinemara eraman zuenean handitu egin zen haren ospea. 1961ean Les Petits Enfants du siècle (Mendeko Haurtxoak) argitaratu zuen. Lan horretako protagonista neska gazte bat da, Parisko aldirietan bizi dena eta bertan dituena bizitzako lehenengo esperientziak. Rochefortek frantses gizartearen izpiritua erakusten zuten gaiak zituen gustuko: Les Stances à Sophie (1963, Sofiaren gelak) emakumeen zapalkuntzaz; La Porte du fond (1988, Atzeko atea) haurren kontrako indarkeriaz; Printemps au parking (1969, Udaberria parking-ean) homosexualei buruzkoa. Era horretako gaiak landu zituen, bestalde, bere saiakera lanetan ere; Les Enfants d’abord (1976, Haurrak lehenbizi) izan zen horien artean ospetsuena. 1997an Adieu Andromède (Agur Andromeda) eta Conversations sans paroles (Hitzik gabeko elkarrizketa) argitaratu zituen.