Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rivera, Manuel

Espainiar margolaria (Granada, 1927 - 1995). Arte ikasketak egin zituen, jaioterrian lehenbizi, eta Sevillako Arte Ederretako Eskolan gero. 1951n marrazki irakasle titulua lortu zuen. Urte horretan bertan Madrilen jarri zen bizitzen, eta lehen obra abstraktuak egin zituen. 1955ean Parisa joan zen eta hango joera informalistak ezagutu zituen. Espainiara itzuli zenean, espazioaren bilaketan zentratutako lanak hasi zituen, eta krisi sakon baten ondoren, margo material tradizionalak utzita, oihal metalikoa erabili zuen euskarri gisa. 1957an El Paso taldeko sortzaileetako bat izan zen, eta Sao Pauloko Bi Urtekoan parte hartu zuen, eta Alexandriako Bi Urtekoan. 1958tik aurrera bastidore lodiago bat erabiltzen hasi zen, eta horrela argi eta espazio efektu berriak lortu zituen bi planoetan. Urte horretan bertan Metamorfosiak saila hasi zuen, Kafkaren omenez. 1961etik aurrera, zuri-beltza utzita, margo gama zabalagoa erabiltzen hasi zen. Gero planteamendu konstruktibistagoetara jo zuen, eta Ispiluak saila hasi zuen; handik aurrera alde batera utzi zuen oihal metalikoa material gisa, bitarteko gisa erabiltzeko. Bere oihal metalikoek sortzen duten dardaraldi optikoa dela-eta, Op Art-ekin eta arte zinetikoarekin lotu nahi izan da. 1981ean Arte Ederretako Urrezko Domina eman zioten, eta 1984an Arte Ederretako Errege Akademiako kide izendatu zuten. Bere obra Bilboko Arte Ederretako Museoan ikus daiteke, mundu osoko beste museo askoren artean.