Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Riquer, Martín de

Katalan idazlea (Bartzelona, 1914). Idazle humanista eta literatura kritikaria, Erdi Aroko gaietan espezializatua. Familia aberats eta ikasi batean hazia. Aitona, Alexandre de Riquer, margolari eta grafista modernista handia izan zen. Bartzelonako Unibertsitate Zentralean egin zituen ikasketak, eta bai han bai Unibertsitate Autonomoan, katedradun izan zen, jubilatu zen arte (1984). 1965ean Espainiako Errege Akademiako kide hautatu zuten, eta 1997an Gizarte Zientzietako Asturiasko Printzea saria jaso zuen. Espainiako eta Kataluniako Erdi Aroa da bere obraren aztergai nagusia. Bere lanarekin erakutsi du Erdi Aroa ez zela erromantikoek ikusarazi nahi izan zuten bezain iluna, eta gauza asko argitu ditu trobadoreen lirikaz eta zalduneriako munduaz. Lanik aipagarrienak: L’humanisme català (1935, Humanismo katalana); La lírica de los trovadores (1948, Trobadoreen lirika); Los trovadores (1975, Trobadoreak); Historia de la literatura catalana (1964-1987, Katalan literaturaren historia); Antologia de poetes catalans (1997, Katalan olerkarien antologia). Aipagarriak dira, halaber, klasikoez egin dituen edizio kritikoak: Aproximación al Quijote (1970); Aproximació al Tirant lo Blanc (1990).