Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Richter, Johann Paul Friedrich

(Jean Paul deitua). Alemaniar eleberrigilea (Wunsiedel, Bavaria, 1763 - Bayreuth, Bavaria, 1825). Jean-Jacques Rousseau idazleari zion begiramenez erabili zuen Jean Paul goitizena. Ospe handia izan zuten haren obrek XIX. mendearen hasieran. Ministro protestante baten semea zen eta Leipzig-en egin zituen teologiako ikasketak. 1787tik aurrera argitaratu zituen lehen kontakizun ospetsuak: Auswahl aus des Teufels Papieren nebst einem nöthigen Aviso vom Juden Mendel (1789, Deabruaren paperen artean aukeraturiko pasarteak eta Mendel juduari buruzko informazio-txostena), Maria Wuz (1790) eta Die unsichtbare Loge (1793, Logia ikustezina). Hesperus (1795) eleberriaz ospe handia jaso zuen; lan garrantzitsuak etorri ziren ondoren: Blumen-, Frucht-, und Dornenstücke (1796, Lore, fruitu eta arantza puskak, Siebenkas heroiaren izenaz ere ezaguna), Quintus Fixlein (1796) eta Titan eleberri didaktikoa (1800-1803) bere maisu obra. 1804an Bayreuth-eko hirian hartu zuen bizilekua eta garai bateko ideia neoklasikoetatik eta geroko erromantikoetatik urrundu zen, haien aldeko ilusioa galdurik, nahiz ez zuen umorea galdu: Dr. Katzenbergers Badereise (1809, Katzenberg doktorea bainutegirako bidaia) eta Des Feldpredigers Schmelzle Reise Nach Flätz mit forgehenden Noten (1809, Gudarosteko kapilau Schmelzle-ren bidaia). Jarraitzaile asko izan zituen Europan.