Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Richardson, Miranda

Britainiar antzezlea (Lancashire, Ingalaterra, 1958). Arte Dramatikoko ikasketak egin zituen, Bristoleko Unibertsitatean eta Old Vic eskolan. Bere eskualdeko antzokian egin zuen debuta, eta Britainia Handiko telebistan lan egin zuen gero. Han ospe handiko zinema izar bilakatu zen. Londresen, paper bat lortu zuen Moving (1981) obran, Queen's Theatren, eta gero Derby, Bristol eta Lancasterko antzokietan aritu zen. Mike Newell zinema zuzendariak Ruth Ellisen papera eskaini zion, Britainia Handian urkamendian hiltzera kondenatu zuten azken emakumearena, Arrotz batekin dantzan (1985) filmean. Izugarrizko arrakasta izan zuen, bai ikusleen bai kritikarien artean, obsesioaren eta sexu bulkadaren antzezpen harrigarria egin zuelako. Handik aurrera kalitate handiko antzerki lanetarako deitu zuten: Edmond (1986, David Mamet); Etta Jenks (1990, Marlene Meyer). Europar filmetan egin dituen lanek ospe handia eman diote, batez ere Estatu Batuetan. Damage (1992, Louis Malle) filmean egindako lanarengatik bigarren mailako antzezle onenaren Oscar sarirako izendatu zuten, bere belaunaldiko antzezle onenetako bat dela berretsiz. Beste lan aipagarri batzuk: The Innocent (1984, John McKenzie); Transmutations (1986, George Pavlou); Eat the Rich (1987, Peter Richardson); Empire of the Sun (1987, Steven Spielberg); El sueño del mono loco (1990, Fernando Trueba); The Fool (1990, Christine Edzard); Enchanted April (1991, Mike Newell); The Crying Game (1992, Neil Jordan); Century (1993, Stephen Poliakoff).