Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Reza Shah Pahlavi

Irango shah edo enperadorea 1925-1941 urteetan (Alasht, Iran, 1878 - Johannesburgo, 1944). Mazanderan herrialdeko jauntxo familia batean sortu zen. Gudarosterako ikasketak egin ondoren, Qajar dinastiako azken enperadoreak, ofizial errusiarrek lagunduta, antolatu zuen kosako talde bateko buru jardun zuen. 1921. urtean, Pertsiako gobernuak aginpidea atzerritarren esku utzia zuela eta, Sayyed Ziya ed-din politikari liberalarekin elkartu eta Teheran aldera jo zuen. Estatu kolpearen ondoren, gerrarako ministro egin zuten eta, hiru hilabete geroago, gobernuburu. Errepublika ezarri nahi izan zuen hasieran, baina buruzagi xiiak horren aurka zeudenez, enperadore egin zen 1925ean. Gudarostea berritu eta barne matxinadak zapaldu ondoren, gobernu sendo bat antolatzen saiatu zen, atzerritarrengandik bereiz. 1921ean neutraltasunerako itun bat hitzartu zuen Errusiarekin, eta ingelesek ekonomian zuten eragina murrizten saiatu zen ondoren. 1935ean sortu zuen Irango estatua, Pertsia zaharraren jarraile. 1941. urtean kargua utzi behar izan zuen, alemaniar naziak onetsi zituelako. Muhammad Reza Shah Pahlavi semea izan zuen ondorengo.