Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Reza Shah Pahlavi, Muhammad

Irango shah edo enperadorea, 1941-1979 urteetan (Teheran, 1919 - Kairo, 1980). Reza Shah Pahlavi-ren seme zaharrena zen. Suitzan hezi zuten eta 1935ean itzuli zen Iranera. 1941ean egin zuten enperadore, Sobietar Batasunak eta Britainia Handiak Iran okupatu eta haren aita, nazien laguntzailea zela eta, aginpidetik kendu ondoren. 1946an erretiratu ziren sobietarrak eta britainiarrak Irandik, eta Estatu Batuek enperadorea bere alde jartzea lortu zuten. Petrolioaren ustiakuntzak garrantzi handia hartu zuen berehala. 1950. urtetik aurrera gatazka latzak izan ziren shah-ren eta Mohammad Mosaddeq ministro nazionalistaren artean; 1951n Mosaddeq-ek lortu zuen petrolioaren nazionalizazioa Irango parlamentuan, baina gorabehera askoren ondoren, Muhammad Rezak Mosaddeq kargutik kendu eta baliorik gabe utzi zuen neurri hura, Estatu Batuen interesen alde betiere. Estatu Batuek emaniko laguntzez baliatu zen Irango modernizazioari ekiteko eta ezkerreko politika higikunde oro ezabatzeko. 1970. urtetik aurrera, harreman estuagoak izan zituen Sobietar Batasunarekin eta Europako ekialdeko herriekin eta, ondoren, Txinarekin. Neutraltasuna aldarrikatu zuen kanpo arazoetan eta lehen bezain irmo iraun zuen Irango ezkertiarren zapalkuntzan. 1978an, herri xehearen egoera zailaz baliatu ziren buruzagi xiiak mendebaleko gizarte moldeak barneegi zituen Irango aginpideaz jabetzeko, eta 1979ko urtarrilean Ruhollah Khomeini, Parisko erbestean zegoen ayatollah xiiak, Irango buruzagitza hartu zuen. Muhammad Rezak Egiptora jo zuen eta Kairo-n hil zen 1980an.