Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Reynolds, Joshua

Ingeles pintorea (Plympton, Devonshire, 1723 - Londres, 1792). Ingeles pintore hoberenetakotzat eta Grand Style izeneko estiloaren aitzindaritzat hartua da. Londresen hasi zituen pinturako ikasketak, Thomas Hudson irakasle zuela; ondoren Italiara joan zen, eta Erroman pintore klasikoen eta Berpizkundekoen lanak aztertu zituen batez ere. Horien artean, Rafael eta Il Correggio izan ziren gehien eragin zutenak. 2.000 lan baino gehiago egin zituen, erretratuak eta gai historikokoak gehienak. Dotoretasuna, koloreen hautaketa eta pertsonaien alderdi psikologikoa agertzeko maisutasuna dira Reynolds-en ezaugarri nagusiak. Holandara eta Flandesera egindako bidaiaren ondorengo lanetan, Rubens eta Frans Hals-en eragina nabari da; errealismo eta bizitasun gehiagoko lanak dira garai hartakoak. Lan nagusiak: Eliot familia (146), Ugolino (1773), Marlborough-eko dukearen familia (1777), Devonshire-ko dukesa eta bere alaba (1786).