Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Renoir, Jean

Frantses zinemagilea, idazlea eta antzerkigilea (Paris, 1894 - Beverly Hills, 1979). Pierre Auguste Renoir margolariaren semea zen. 1924tik 1928ra, zinema mutuaren garaian, aitagandik jasotako inpresionismoa eta alemaniar espresionismoa uztartu zituen, Zolaren eta Maupassanten eraginpean, bestalde. Garai horretakoak ditu La fille de l’eau (1924, Uretako neska), Nana (1926), Charleston (1927) eta Tire-au-flanc (1928, Alferrontzia). 1931tik 1940ra film errealistagoak egin zituen; Frantziako eta Europako giroa agertzen zuten filmak (La chienne, 1931; Boudu sauvé des eaux, 1932; Une partie de campagne,1936; La bête humaine, 1938); eta film politikoak, Herri Frontearen ideiak goraipatzen zituztenak (La Marseillaise, 1936; Le crime de monsieur Lange, 1935; La vie est à nous, 1936) egin zituen. Garai horretan egin zituen bere bi maisulanak, bizi nahiaren eta eskuzabaltasunaren aldekoak: La grande illusion (1937, Ilusio handia), film bakezale eta baikorra, eta La règle du jeu (1939, Jokoaren araua), gainbeheran zegoen gizarte bat ironia handiz aztertzen duena. 1940an Estatu Batuetara erbesteratu zen eta han Swamp Water (1941), This Land is Mine (1943, Herri hau nirea da), The Woman on the Beach (1947, Emakumea hondartzan), The Southerner (1945, Hegoaldeko gizona) filmak egin zituen. 1950ean Indian egin zuen The River (Ibaia) filmarekin gailurra jo zuen. Frantziara itzuli zen eta French-Cancan (1954), Le carrosse d’or (1952, Urrezko karroza), Le déjeuner sur l’herbe (1959, Bazkaria belardian) eta Le testament du docteur Cordelier (1960, Cordelier doktorearen testamentua) egin zituen. Azken garaian antzerkian jardun zuen eta aitaren biografia, autobiografia eta hiru eleberri idatzi zituen. Hasieran arrakasta handirik izan ez bazuen ere, geroztik kritikariek aho batez aitortu diote gorengo maila. Eragin handia izan du zinemagile askorengan.