Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Renoir, Pierre Auguste

Frantes pintore eta marrazkilaria (Limoges, 1841 - Cagnes, 1919). Jostun baten semea zen eta hamahiru urte zituela portzelana gainean marrazten hasi zen. Domina grabatzaile gisa jardun zuen geroago eta abanikoak eta erakusleihoetarako oihalak dekoratu zituen hurrengo urteetan. 1862an Parisa joan zen eta, Louvren zeuden XVIII. mendeko pintoreen obrak aztertzen zituen artean, Monet, Sisley eta Bazille pintoreekin lanean jardun zuen. 1868an onartu zioten lehen koadroa Parisko Erakusketarako, Lise à l’ombrelle, Courbet eta Manet-en eragin nabarmena zuena. Ondoren Monet-ekin batera lan egin zuen, gai berberen inguruan: Les Canotiers (1868), La Grenouillière (1869). 1874. urtean aurkeztu zituen bere lanak inpresionistek egin zuten lehenengo erakusketan eta molde horretako obrak landu zituen ondoren: La Loge (1874), Chemin montant dans les hautes herbes (1875), Le Moulin de la Galette (1876), Madame Charpentier et ses enfants (1878). 1881ean Italiara egin zuen bidaia baten ondoren (Rafael-en obrak hunkitu zuen bereziki), inpresionismotik urruntzen hasi zen eta, tradizio klasikoaren arabera, egitura koloreari gaina hartzen hasi zitzaion haren koadroetan (Les Grandes Baigneuses, 1884-1887; Les Parapluies, 1882-1884). 1888an harremanetan jarri zen Cézanne-rekin, eta aurrekoak baino lan malguagoak eman zituen, eta neska gazteak bilutsik, paisaiak eta intimitateko eszenak (Jeunes Filles au piano, 1892) pintatu zituen. Osasun arazoak zirela eta, Frantziako hegoaldean ematen zituen urteko egun gehienak eta erretratuak, paisaiak eta gorputz biluziak pintatzen jarraitu zuen: Baigneusse s’essuyant la jambe (1905). Lirismoa eta sentipena, alde batetik, eta teknika maisutasuna (kolorearen erabilera paregabea), bestetik, izan ziren artera halako iraultza asmo berezirik ekarri ez zuen pintore horren ezaugarri nagusiak.