Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Renteria Leniz, Gorgonio

(«Errebido», «Perularra»). Bizkaiko politikari eta idazlea (Elantxobe, 1868 - Baiona, 1940). Filipinetan pasa zituen hogei bat urte merkataritza ontziko kapitain zela. 1897-1898 urte bitartean hainbat olerki eman zituen argitara Euskalzale aldizkarian: Euskalzale-ri, Lora bateri, Amarentzat, Baserriko egun barria eta Urruntasuna. Ibaizabal aldizkarian ere idatzi zuen 1903tik aurrera. Bere jaioterrira itzuli zelarik politikan hasi zen eta EAJ-ko Bizkai Buru Batzarreko lehendakari izan zen 1916-1920 urteetan. Bizkaiko diputatu izan zen, bestalde, 1917an eta Elantxobeko alkate hainbat aldiz. Artikulu ugari idatzi zuen Euzkadi, Ekin eta Gudari aldizkarietan. Espainiako Gerra Zibilean Baionara erbesteratu eta han hil zen handik denbora laburrera.