Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

René Ia Anjoukoa

(Ona deitua). Anjouko dukea, 1430-1480 urteetan, Lorrenako dukea, 1431-1453 urteetan, Bar-eko dukea, 1434-1480 urteetan, Proventza eta Piemonteko kondea eta Napoliko erregea, 1435-1438 urteetan (Angers, 1409 - Aix-en-Provence, 1480). Luis II.a Anjoukoaren eta Yolanda Aragoikoaren semea zen. 1435ean Napoliko errege izendatu zuten, Joana II.a hil ondoren, baina Alfontso V.a Aragoikoa nagusitu zitzaion 1438an. Ehun Urteko gerran Karlos VII.a Frantziako erregearen alde jokatu zuen, eta Frantziako administrazioa antolatu zuen, zerga berri batzuen bidez. 1466an Joan II.aren aurka zeuden kataluniarrek Aragoiko errege eta Bartzelonako konde izateko egin zioten proposamena onartu zuen, baina ez zuen kargu hura eskuratu azkenean. Ona deitura jaso zuen artistak eta idazleak babestu zituelako. Karlos Mainekoa izan zuen ondorengo Proventzan, eta hura ondorengorik gabe hil zelarik Luis XI.a Frantziako erregea jabetu zen Proventzaz.