Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Renania

(Al. Rheinland). Alemaniako mendebaleko antzinako lurraldea, Rhin ibaiaren bi aldeetara zabaltzen dena. Egungo Renania-Westfalia (Al. Nordrhein-Westfalen), Renania-Palatinatua (Al. Rheinland-Pfalz) eta Saarland-eko land edo estatuak hartzen zituen. v Historia. Zesar-en konkistaren garaian (K.a. 57) herri zelta-germaniarrak bizi ziren lurralde hartan. Germania Beherea, Germania Garaia eta Galia Belgika herrialdeetan banatu zen lurraldea eta Augustoren garaian (K.a. 9) Erromako Inperioko iparraldeko muga eratu zen bertan. Erromatarrek gaztelu asko eraiki zituzten Rhin eta Danubio ibaien artean. III. mendean hasi ziren herri germaniarren erasoak eta V. mendean eratu zuten frankoek beren erresuma Treveris-ko hiria konkistatu ondoren (460). Clovis erregearen lurraldea izan ondoren, Austrasiaren eta karolingiarren erresumen barnean egon zen. 843an Lotaringia-ko erreinuaren barnean geratu zen, eta 925ean Germaniako inperioarenean. Handik aurrera apezpiku hiriak (Treveris, Kolonia) eta lurralde feudal burujabeak eratu ziren. XIII-XIV. mendeetan bultzada handia izan zuen Hansa-ri loturiko Rhin ibaiaren bazterreko hirietako ekonomiak; garrantzitsua izan zen, halaber, arte eta kulturaren garapena (Heidelberg eta Mainz-ko unibertsitateak). XVI. mendean, erreformaren garaian, katolikotasunari eutsi zioten herrialde gehienek; Frantziako koroa Lotaringiaz jabetu zen eta XVII. mendean Brandeburgo-ko etxe prusiarra zabaldu zen Kleve eta Mark aldera. Hogeita Hamar Urteko gerraren garaian (1618-16148), Alsazia geratu zen Frantziako koroaren mendean. Luis XIV.ak sendotu zuen nagusigo hura, baina Lotaringia ez zitzaion 1766 arte Frantziako koroari lotu. Frantziako iraultzaren garaian sortu ziren Rhin aldeko departamenduak (Sarre, Mont-Tonerre, Rhin-et-Moselle). XIX. mendearen hasieran Frantziaren aurkako sentimendua zabaldu zen Renanian, eta 1815ean Prusiaren mendeko estatu bihurtu zen lurraldea. Industriaren emanari esker, Alemaniako lurralde aberatsena izan zen Renania. Frantziak saio ugari egin zituen XIX. mendean lurralde hura bere egiteko eta lotze proposamen bat ukatu zitzaien frantsesei Versailles-ko itunean, Lehen Mundu Gerraren ondoren (1918). Alemaniak gerra haren ondoko kalte-ordainak iristen ez zirela eta, frantses gudarostea Ruhr ibaiaren arroan sartu zen 1923an, baina alde egin behar izan zuen 1925ean, mugimendu germaniarren (Renaniako errepublika aldarrikatu zuten 1923ko urrian) eta mendebaleko estatu aliatuen eraginaren ondorioz. 1936an III. Reich-en parte egin zen Saarland-eko lurraldea eta, ondoren, gudaroste nazia sartu zen Lehen Mundu Gerratik aurrera indar militarrik gabekotzat jo ziren Renaniako lurraldeetan. Hitler-ek Siegfred lerroa eraikiarazi zuen, Alemaniaren babeserako. 1945ean aliatuen mendean geratu zen Renania eta 1946an Renania-Westfalia eta Renania-Palatinatua land edo estatuak sortu ziren hango lurraldeetan; Saarland-ekoa 1957koa da.