Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Renan, Joseph-Ernest

Frantses filosofoa, historialaria eta idazlea (Tréguier, 1823 - Paris, 1892). Bere jaioterriko apaizgaitegian hasi zituen ikasketak baina karrera utzi zuen fede krisi baten pean zegoenean eta Parisko unibertsitatera joan zen. 1847an Volney saria eskuratu zuen Essai historique et theórique sur les langues sémitiques (Hizkuntza semitikoei buruzko saiakera historikoa eta teorikoa) saiakera liburuari esker. 1848. urteko iraultzan oinarriturik L’Avenir de la science (Zientziaren etorkizuna) obra idatzi zuen, humanismoaren eta zientziaren bidez gizadiaren askatasuna iritsiko zela proposatzen zuena. Aipatutako tesia Études d’histoire religieuse (1857, Erlijio historiaren azterketak) eta Essais de morale et de critique (1859, Kritika eta moralari buruzko saikerak) obretan zabaldu eta ondu zuen. Obra horietan, halaber, zibilizazioaren oinarri etikoak argitzeko erlijioaren jatorriak ikertzea proposatu zuen, eta gizartearen erreforma aristokrata intelektualek bideratu behar zutela azaldu zuen. 1862. urtean, Libanon eta Sirian zehar arkeologia espedizio bat egin ondoren, hebreerako katedradun izendatu zuten Frantziako Collège-n. Sarrerako hitzaldi iskanbilatsua izan zuen, ordea, Jesusi gizon konparaezina deitu baitzion, eta elizaren presioz kargutik kendu zuten. Urtebete geroago argitaratu zuen Vie de Jésus (Jesusen bizitza), Histoire des origines du christianisme (1863-1881, Kristautasunaren jatorriaren historia) zazpi liburukiz osaturiko bildumako lehen alea. 1870ean unibertsitateko kargua itzuli zioten. Bere bizitzako azken urteetan errepublikaren aldeko agertu zen. Harena da, halaber, Histoire du peuple d’Israël (1887-1893, Israelgo herriaren historia) obra.