Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Remick, Lee

Estatubatuar zinema antzezlea (Quincy, Massachusetts, 1935 – Los Angeles, 1991). Patricia Remick antzezlearen alaba zen. Dantza ikasketak egin zituen, hamasei urte zituela antzerkiaren munduan sartu baino lehen. 1953an antzeztu zuen Broadwayn bere lehen obra, Be Your Age, eta ondoren telebistan hasi zen lanean. Zineman Elia Kazanen A Face in the Crowd (1956) filmean egindako paper batekin hasi zen, eta haren ondoren, Martin Ritten The Long Hot Summer (1958), Otto Premingerren Anatomy of Murder (1959), Elia Kazanen Wild River (1960) edo Tony Richardsonen Sanctuary filmetan parte hartu zuen, besteak beste. Bere lanik onena, ordea, Blake Edwardsen Days of Wine and Roses (1962) filmean egin zuen, Jack Lemon aktorearen ondoan. Horrez gainera, aipagarria da film hauetan egindako lana ere: Gordon Douglasen The Detective (1968), Paul Newmanen Sometimes a Great Notion (1971), Richard Donnerren The Omen (1976), Don Siegelen Telephone (1977), James Ivoryren The Europeans (1979). 1970eko hamarralditik aurrera, zinemarako filmak ezezik, telebistarako lanak ere egin zituen: Bridge to Silence, Dark Holiday, etab. Hil aurretik, Love Letters antzeztu zuen Los Angelesko antzoki batean, ordurako minbiziak jota zegoela.