Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ramalho Eanes, Antonio dos Santos

Portugaldar militarra eta politikaria (Castelo Branco, 1935). Lisboako Unibertsitateko Zuzenbide eta Psikologia Fakultatean egin zituen ikasketak, eta eskola militarrean sartu zen 1950ean. Militar gisa, Macao, Mozambike eta Ginea Bissau-n egon zen. Iraultza gerran espezializatu zen Ikasketa Militar Garaien Institutuan, eta irakaspen horiek aplikatu zituen Ginea Bissaun egon zen denboran, 1969-1971 bitartean. 1974ko apirilaren 25ean, "Krabelinen iraultza" hasi zen egunean, Angolan zen, Gudarostearen Psikologia Ekintzako zerbitzuan lanean. Iraultzaren kariaz, Portugalera deitu zuten, hedabide sozialen batzordean parte hartzera. Handik gutxira, Vasco Gonçalves jeneralak telebista administrazioko batzordearen lehendakaritza eta programen zuzendaritza hartzera deitu zuen, baina ez zuen luzaro iraun karguan, ezker erradikaleko organizazioen presioarengatik. Gudarosteko buruzagitzara igaro zen teniente koronel gisa, eta iraultzaren batzordeko laguntza zerbitzuetan parte hartu zuen. 1975eko abenduan mailaz igo eta jeneral izendatu zuten, Lurreko Gudarosteko Estatu Nagusiaren Buruzagi gisa. 1976an Portugaleko Errepublikako lehendakari hautatu zuten, sozialista, kristaudemokrata eta sozialdemokraten laguntzarekin. 1986. urtea arte egon zen karguan.