Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rama

Siamgo errege guztiek 1782-tik aurrera hartu duten izena. v Rama I.a edo Phraphutthayotfa Chulalok. Siamgo erregea 1782-1809 urteetan (Ayutthaya, Siam, 1737 - Bangkok, 1809). Egun Thailandian aginpidean dagoen Chakkri dinastiaren sortzailea da. Gorteko militar baten semea zen. Birmaniarrek Ayutthaya, Siamgo hiriburua, hartu ondoren (1767), Taksin tai erregearen zerbitzuan hasi zen, eta berehala bihurtu zen gudarostearen buruzagi. Gerra luze baten ondoren, Siamgo lurralde guztiak bateratu zituen eta errege egin zuten 1782an. Hiriburua Bangkok-era aldatu, erreforma budista abiarazi (1788-1789) eta tai legeria idatzi zuen (1805). Tai-en indar militarrari esker, haren mende geratu zen Indotxinako penintsula erdia. Tai hizkuntzara bihurtarazi zituen India, Txina, Pertsia eta Javako literatura obra nagusiak. Phraphutthayotfa Chulalok izan zuen izena bizi zelarik; hil ondoren Rama I.a deitu zuten. v Rama II.a edo Phraphutthaloetla Naphalai. Siamgo erregea 1809-1824 bitartean (Rat Bury, 1768 - Bangkok, 1824). Chakkri dinastiako bigarren erregea izan zen. Europako inperioetako ordezkariekin harremanetan jarri zen, eta bere erresumaren eragina Malaysiako penintsula aldera zabaldu zuen. Tai tradizioan oinarrituriko literatura landu zuen. v Rama III.a edo Phranangklao. Siamgo erregea 1824-1851 bitartean (Bangkok, 1788 - Bangkok, 1851). Rama II.aren seme nagusia zen eta Chakkri dinastiako hirugarren errege izendatu zuten aita hil zenean, erreginaren semea ez izan arren. Siamgo erresuma mendebaleko moldeetara eramaten saiatu zen, eta haren garaian izan zuen Siamgo erresumak hedadura handiena. Kanpo politikaz arduratu zen gaztetan eta haren bitartez sendotu ziren Siam-en eta Britainiako inperioaren arteko merkataritza harremanak. 1830-1840. urteetan Laosi eta Kanbodiari begira jarri zen, vietnamdarren kolonizazioaren aurrean uzkur betiere. Mongkut anaiordea izan zuen ondorengo. v Rama IV.a edo Mongkut. Siamgo erregea 1851-1868 bitartean (Bangkok, 1804 - Bangkok, 1868). Rama II.aren semea eta Rama III.aren anaiorde eta ondorengoa izan zen, Chakkri dinastiako laugarren erregea. Haren garaian abiarazi ziren estatu moderno baterako lehen erreformak. Rama III.aren agintaldian, fraide egin zen eta, budismoaz gainera, kristautasuna aztertu eta mendebaleko hizkuntza batzuk ikasi zituen. Mendebaleko moldeak Siam-en bete-betean ezartzeko aldekoa zen, eta 1851n, Rama III.a hil zenean, erregetza eskuratu zuen gerora lehen ministro izendatuko zuen Somdet Chao Phraya Si Suriyawong-en laguntzaz. Ordudanik mendebaleko gobernuekiko merkataritza harremanak areagotu ziren, Britainia Handia eta Estatu Batuekikoak bereziki, eta irakasle ingeles bat, Anna Leonowens, aukeratu zuen bere seme-alabentzat. Berrikuntza ugari egin zituen apaizgo budistan eta administrazioan. Idazle iaioa izan zen eta, poema bildumez gainera, erlijio eta historia liburuak idatzi zituen. v Rama V.a edo Txulalongkor. Siamgo erregea 1851-1868 bitartean (Bangkok, 1853 - Bangkok, 1910). Rama IV.aren bederatzigarren semea eta ondorengoa izan zen, Chakkri dinastiako bosgarren erregea. Hamabost urte zituen aita hil zitzaionean, eta Somdet Chao Phraya Si Suriyawong izan zuen erregeorde 1873 arte. Erreforma sakonei ekin zien berehalakoan. Esklabotasuna kendu zuen, nahitaezko soldadutza ezarri zuen, gobernu, administrazio eta ekonomiako egiturak ildo modernoetatik bideratzen saiatu zen eta Siamgo lehen burdinbidea eraiki zuen (1893). Bidaia asko egin zuen Europan barrena 1897-1907 bitartean eta Britainiar inperioaren esku utzi zituen Malaysiako iparraldeko lurraldeak (1909). Herriaren heziketarako ministerioa sortu zuen, eta haren izena duen unibertsitatea sortu zuen Bangkoken Rama V.aren semeak 1917an. v Rama VI.a edo Vajiravudh. Siamgo erregea 1910-1925 bitartean (Bangkok, 1881 - Bangkok, 1925). Rama V.aren semea eta ondorengoa izan zen, Chakkri dinastiako seigarren erregea. Oxford-eko unibertsitatean ikasi zuen eta ikasketa militarrak egin zituen Britainia Handiko gudarostean. 1903an Siam-era itzuli zen eta 1910ean hartu zuen aitaren lekua. Aitaren maila izan ez zuen arren, erreforma garrantzitsuak egin zituen: monogamia legearen araberako ezkontza bakarra, egutegi gregoriarra, baztangaren aurkako txertoa ezarri zituen, Thailandiako Gurutze Gorria sortu zuen, eta biztanle guztiak abizena erabiltzera behartu zituen. 1917an Bangkok-en Txulalongkor unibertsitatea sortu zuen, Siamgo lehena, eta lehen mailako nahitaezko hezkuntza ezarri zuen. Beste neurri batzuek (joko eta opio etxeak debekatzea, adibidez), herriaren haserre bizia piztu zuten ordea. Britainiarren modu eta ohiturei zien gehiegizko atxikimenduak gero eta urrunago ezarri zuen Siamgo herriarengandik. Bere herriaz fidatzen ez zela, bere babeserako goardia sortu zuen eta absolutismoaren aldera jo zuen. Kanpo politikan, aliatuen alde jardun zuen Lehen Mundu Gerran, eta haien esanetara mugitu zen alde guztietan. Idazle eta itzultzaile oparoa izan zen, bestalde. Dramak ondu zituen, batez ere; berrogeita hamar obratik gora idatzi zuen, eta ingeles eta frantsesez idatziriko ehun obra pasa (Shakespeare-ren obra batzuk besteren artean) itzuli zituen tai hizkuntzara. v Rama VII.a edo Prajadhipok. Siamgo azken erregea 1925-1935 bitartean (Bangkok, 1893 - Cranleigh, Surrey, Ingalaterra, 1941). Rama V.aren semea eta Rama VI.aren anaia eta ondorengoa izan zen. Britainia Handian egin zituen ikasketak. 1932an matxinada batek ekarri zuen konstituzio bidezko erregetza Siam-era, eta haren arabera gobernatzeko asmoa agertu zuen arren, militarrek erregetzatik eraitsi zuten. Ondoren Ingalaterrara joan zen.  v  Rama VIII.a edo Ananda Mahidol. Thailandiako erregea 1935-1946 bitartean (Heidelberg, Alemania, 1925 - Bangkok, 1946). Rama VII.aren iloba eta ondorengoa izan zen. Hamar urte zituen errege egin zutenean eta erregeordetzarako kontseilu batek hartu zuen gobernuaren ardura 1940 arte. 1946an, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Thailandiara itzuli eta egun batzuk geroago hilik agertu zen, gorputzean bala bat zuela. Bhumibol Adulyadej izan zuen ondorengo. v Rama IX.a edo Bhumibol Adulyadej. Thailandiako erregea 1946 urtetik aurrera (Estatu Batuak, 1928). Rama VII.aren iloba eta Rama VIII.aren anaia eta ondorengoa da. 1946an egin zuten errege, anaia hil ondoren, eta gero eta eragin gutxiago izan du urteak joan ahala, militarrek baitute aginpidea.