Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ragnar Lodbrok

Danimarkako errege bikingoa (IX. m.). Heroi bikingo nagusietako bat izan zen Ipar Europako Erdi Aroko literaturan, baina gutxi dira oso hari buruz ezagutzen diren egiazko datuak. Hegoaldeko Erromako Inperio Santuaren aurka borrokatu zen eta, batzuen arabera, bikingoek Frantziaren aurka eginiko erasoa gidatu zuen 845. urtean. Bikingo edo normandiar horiek berak bide ziren 844. urtetik aurrera Lapurdiko eta Gipuzkoako kostaldean barrena egungo Euskal Herrian sartu zirenak, eta Iberiar Penintsulan gaurko Portugalgo kostaldetik barneratu zirenak arabiarren aurka borrokatzeko. Kroniken arabera, Northumbriako erregeak Ragnar atxilotu eta sugez beteriko hobi batera egotzi zuen hil zedin. Ragnar-en elezaharra guztiz zabaldu zen Eskandinavian, Danimarkan eta Islandian bereziki, eta saxoniar herrietan, eta oihartzun handia utzi zuen antzinako teutoien elezaharretan; tradizio batzuen arabera, Ragnar-ekiko lotura zuzena izan zuten Sigfrido eta Brunilda heroi germaniarrek.