Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rahman, Mujimur

Bangladesh-ko politikaria, Sheikk Mujib izenaz ere ezaguna (Tungipara, India, 1920 - Dacca, Bangladesh, 1975). Zuzenbide eta Politika ikasketak egin zituen Kalkutako eta Daccako unibertsitateetan. Pakistango ekialdeko ikasleen Liga sortu zuen 1948. urtean eta horren ondorioz espetxean eman behar izan zituen zenbait hilabete, 1948-1952 bitartean. Awami ligako idazkari izan zen 1953an eta diputatu hautatu zuten hurrengoan. Merkataritza, Lan eta Industriako ministroa izan zen 1956-1958 urteetan baina urte berean atxilotu eta erbesteratu egin zuen Ayyub Khan-en gobernuak. Awami liga berriro antolatu zuen 1963. urtean (ligako lehendakari hautatu zuten 1966an) eta bere herriaren autonomia lortzeko sei puntuko proposamena egin zion Pakistango gobernuari. 1970. urteko hauteskundeetan garaile irten ondoren atxilo hartu zuten berriro ere eta erbesteratu egin zuten. Indiaren eta Pakistanen arteko gerra amaitutakoan (1971) aske utzi zuten eta sortu berri zen estatu burujabe berriko lehen gobernuburu hautatu zuten (1972). Hurrengo urteko hauteskundeak ere irabazi zituen, baina ez zen gauza izan barne arazoei aurre egiteko eta diktadore bihurtu zen handik denbora laburrera. 1975. urteko estatu kolpe militarrak kargutik kendu zuen, eta bere familiarekin batera hil zuten (1975).