Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rafael

(Jaiotza izenaz Raffaello Sanzio). Italiar pintore eta arkitektoa (Urbino, 1483 - Erroma, 1520). Berpizkunde garaiko italiar artista handienetako bat izan zen. Giovanni Santi, Donato Bramante eta Piero della Francesca-rekin lan egin zuen pintore apal baten semea zen, eta haren aitaren ildotik sartu zen artearen munduan. 1495ean aita hil zitzaiolarik, Perugiara joan zen. Pietro Peruginorekin lan egin zuen eta fresko edo horma-pinturen teknika ikasi zuen harekin. Haren eragina suma daiteke bere lehen maisu-lanean, Ama Birjinaren ezteiak (1504). Urte hartan bertan Florentziako hirira joan zen, Signoria jauregian lanean ari ziren Leonardo da Vinci eta Michelangelo handien ospeak hara eramana, eta Leonardo da Vinci-k 1480. urte aldera ekarri zituen berritasunak (argi-ilunak, sfumato, piramide antzeko konposizioa) erabili zituen han landuriko madonna edo ama birjinen irudietan (1505-1507): Madonna del Prato, Madonna Esterházy, Lorazain ederra. Maisu handien aginduetara eta haien eraginpean eginiko lanak izan arren, ikusgarriak ziren Rafaelen estilo orekatua eta teknika landua. 1507. urtean, Kristoren hilobiratzea lana egin zuen Perugiako andre aristokrata batek eskatuta. Michelangeloren eragina azaltzen du pintura horretako pertsonaien banaketak. 1508an Erromara joan zen Julio II.a Aita Santuak deituta. Lan asko egin zuen Erroman hurrengo hamabi urteetan, hil zen arte. Julio II.ak bere hiru stanza edo aretoen dekorazioa eginarazi zion, eta pentsamenduaren iraupena, lehen zibilizazioetatik Elizako Doktoreen garai arte, agertzen zuten lau fresko egin zituen haietako batean, Segnatura izenekoan (1509-1511): Sakramentu Santuaren eztabaida (Jainkoa, igerleak eta apostoluak, zeruko ikuskari batean), Atenasko eskola (jakituriaren alegia bat), Parnasoa (poesiaren alegiazko ikuspegia) eta Decretale (aita santuei eta haien gutunen bildumari buruzko gogoeta). Lau lan horiek dotrina neoplatoniko kristauaren lau puntu nagusiak argitzen zituzten. Ikuspegi humanista neoplatoniko haren argitara, edertasunaren aurkezpena eta egiaren etengabeko azalpena dira artearen helburuak. Rafaelek aita santuen aretoen dekorazio lanetan jarraitu zuen 1517 arte, baina ez zituen bestelako alorrak utzi horratik, aldi berean ekin baitzien arkitektura lanei. Erromako eliza batzuk proiektatu zituen eta, 1514tik aurrera, hila zen Bramante-ren, ordea, hartu zuen Vatikanon, arkitektura lanen arduradun nagusi gisa. Bizitzako azken urteetan, arte alor ugaritara zabaldu zuen lana: eraikuntza zibila, dekorazioa, aldaregintza, tapizak, portzelanarako diseinuak, koadroak… Bere azken maisu lanean, Itxuraldaketa (1517an agindua), pintura molde berrien aitzindari izan zen, mundu korapilatsu eta nahasiago baten aurreko sentiberatasun berri bat erakutsi baitzuen, arte barrokoaren ateetan.