Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Purcell, Henry

Ingeles musikagilea eta organista (Londres, 1659 - Londres, 1695). Errege kaperako koruko mutila izan zen. Humfrey eta Blow-ekin egin zituen ikasketak. 1679. urtean Blow-en ondorengo organista izan zen Westminster-eko abatetxean. Garai hartan, harizko musika tresnetarako fantasia famatuak idatzi zituen, eta antzerkirako musika idazten hasi zen. 1682. urtean errege kaperako hiru organistatako bat egin zuten. 1689. urtean Dido eta Eneas idatzi zuen, bere opera bakarra eta maisulan bikaina. Bizitzako azken urteetan, lan ugari eta eliza musika lan hoberenak idatzi zituen, Te Deum et Jubilate re maiorren (1694), adibidez, Santa Zeziliaren egunerako idatzia. Purcellek eragin handia izan zuen Haendelengan; antzerkirako sen berezia zuen, asmamen izugarria, eta herri mailako kutsua, bere musikari hurbiltasuna eta freskotasuna ematen ziona. Garai hartako ingeles musikagile ospetsuena izan zen. Arestian aipatutakoez gainera, hauek dira lan aipagarriak: Dioclesian (1690), Arthur erregea (1691), The Fairy Queen (1692, Maitagarrien erregina) antzerkiak eta Shakespeareren Udako gau bateko ametsa antzerkiaren moldaketa; The Indian Queen (1695, Indietako erregina), The Tempest (1695, Ekaitza); hamabost oda, horien artean Welcome to all the Pleasures (1683, Ongi etorri plazer guztietara); eliza kantak eta bestelakoak; duetoak, trioak eta koruak; musika tresnetarako Fantasiak, harizko musika tresnetarako, hamar sonata lau zatitan, pabana bat, hiru obertura eta biolinerako sonata; klaberako, Choice Selection of Lessons for the Harpsichord or Spinet (Klabe edo espinetarako ikasgaien lan hautatuak), eta zortzi suite (1696).