Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pritchard, John

Britainiar orkestra zuzendaria (Londres, 1921 - San Francisco, 1989). Debuta Londresen egin zuen Derby String orkestrako zuzendari gisa 1943-1945 urteen bitartean. 1948an Glyndebourneko Jaialdiko abesbatzeko zuzendari izendatu zuten. 1951n Fritz Busch-en ordez aritu zen Don Giovanni operan, eta harrezkero Mozarten hainbat opera zuzentzeko enkargua izan zuen. Liverpool-eko Errege Orkestra Filarmonikoko musika zuzendari izendatu zuten, eta Pitchard-ek orkestra horretako egitura eta errepertorioa berritu, eta bere garaiko musika ziklo bat sortu zuen, Musika bizia. 1962-1966 urteen bitartean Londresko Orkestra Filarmonikoko zuzendari izan zen eta orkestra horrekin Ekialde Hurbila, Estatu Batuak eta Txina ezagutu zituen. Izan ere, atzerrian ere lan ugari egin zituen Pitchard-ek: 1963an Estatu Batuetan izan zen, Pittsburgh-eko Orkestra Sinfonikoan; Aix-en Provence-ko jaialdian 1963an; Salzburgoko jaialdian eta Buenos Airesko Colón antzokian 1966an, New York-eko Metropolitan Operan 1971n, Parisko Operan 1981ean. 1975ean Shakespearen saria irabazi zuen Hanburgon. Koloniako Operako zuzendari izan zen 1978-1989 urteen bitartean, Bruselako Monnaie Errege Antzokiko musika zuzendaria 1982-1989 bitartean, Londresko BBC-ko Orkestra Sinfonikoko buru 1982-1989 bitartean eta San Franciscoko Operako zuzendari 1986an.