Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Primo de Rivera, José Antonio

Espainiar politikaria, Miguel-en semea (Madril, 1903 - Alacant, 1936). Madrilen egin zituen zuzenbide ikasketak. Unión Monárquica Nacional alderdi eskuindarreko kide egin zen 1930. urtean, eta bere aitaren politika defenditu nahi izan zuen. Gorteetako diputatu hautatu zuten 1933. urtean eta urte berean sortu zuen, Julio Ruiz de Aldarekin eta Alfonso García Valdecasasekin batera, Falange Española alderdia. Falange Española eta Juntas de Ofensiva Nacional Sindicalista (JONS) batu zirenean alderdi berriko buruzagi bakar izendatu zuten José Antonio Primo de Rivera; ezker alderdien koalizio sortu berria zen Fronte Popularrari aurre egiteko egitarau nazionalsindikalista defenditu zuen. Indarkeria erabil zezaten gomendatu zien bere jarraitzaileei, baina 1936. urtean, Fronte Popularrak hauteskundeak irabazita atxilotu eta espetxeratu zuten. Espetxetik José Sanjurjo, Emilio Mola eta Francisco Franco jeneralek gidatutako matxinada bultzatu zuen (1936ko uztailak 18). Bere buruaren defentsaz arduratu zen espetxean egin zitzaion epaiketa batean, eta kondenatu ondoren fusilatu egin zuten azaroaren 20an.