Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Prince Edward uhartea

Kanadako hego-ekialdeko uhartea eta herrialdea, San Lorentzo golkoaren hegoaldean. Northumberland-eko itsasarteak bereizten ditu Prince Edward Eskozia Berriko eta New Brunswick-eko herrialdeetatik. Kanadako herrialderik txikiena da: 5.657 km2 eta 128.300 biztanle. Hiriburua, Charlottetown. Unibertsitatea. Klima ozeanikoa du, Kanadako gainerako itsas herrialdeetan baino epelagoa. Laborantza (patata, bazkarako landareak), abere hazkuntza (behiak, zerriak, azeri hegalariak), arrantza eta hauen inguruan sorturiko industria dira ekonomia jarduera nagusiak. v Historia. Uharte horretan Micmac herri indiarra bizi zen europar kolonizatzaileak iritsi aurretik. Jacques Cartier itsasgizon frantsesak aurkitu zuen 1534. urtean, eta Samuel de Champlain frantsesak Saint-Jean izena jarri zion uharteari (1720). Britainiarren mende geratu zen 1763an eta Prince Edward izena eman zioten 1799an, Edward printzea izan baitzen Ipar Amerikan borrokatu zen ingeles armadako buru. 1873. urtean sartu zen Kanadako Konfederazioan.