Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Prieto, Indalecio

Bizkaitar politikaria, jaiotzez asturiarra (Oviedo, 1883 - Mexiko, 1962). Gaztetatik Bilbon bizi izan zen, eta hango langile mugimenduarekin nahiz euskal politikarekin lotura estua izan zuen. El Liberal egunkariko kazetari izan zen; han Horacio Echevarrieta politikari eta industrialari bizkaitarrarekin harreman estua izan zuen. Gazte zela sartu zen Espainiako alderdi sozialistan (PSOE); aldi berean arlo erreformistakoa izan zen. 1918. urtean gorteetarako diputatu hautatu zuten Bilbotik eta horrek bizkaitar sozialisten artean zuen ospea espainiar sozialismora ere zabaldu zuen. Diputatu zela, II. Internazionalaren alde egin zuen behin baino gehiagotan eta Internazional Komunistaren kontra, berriz, gogor. Primo de Riverak 1923. urteko irailean jo zuen estatu kolpearen aurka egin zuen Prietok eta PSOE alderdiak kolpearen kontra plazaratutako manifestua berak idatzia zen. 1930eko abuztuan Donostian egin zen hitzarmenaren sinatzaileetako bat izan zen, eta iraultza batzordeko kidea ere bai; Espainiako monarkiaren kontra sutsu borrokatu zen. 1930eko abenduaren 15eko grebak huts egin zuenean Frantziara erbesteratu zen, eta han bizi izan zen, harik eta Espainian Bigarren Errepublika eratu zen arte. PSOE taldearen ordezkari gisa errepublikaren gobernuko kide izan zen, hasieran Finantza ministro, eta, gerora, Herri Lanen ministro gisa. 1933. urteko azaroan Espainian eskuindarrek irabazi eta 1934. urterako indar ezkertiarrek prestatu zuten matxinadak huts egin ondoren Frantziara alde egin zuen. Erbestetik gogor ekin zion geroko Frente Popular koalizioa sortzeko lanari; talde horrek 1936ko hauteskundeetan izan zuen garaipenaren ondoren Espainiara bueltatu zen. Gerra zibilaren garaian Itsasoko eta Aireko ministro izan zen (Largo Caballerorekin 1936-37 urteetan), baita Defensa ministro ere (Negrín lehendakari zela 1937-38 urteetan) harik eta 1938an errepublikaren ordezkari gisa Txilera alde egitea erabaki zuen arte, harreman txarrak baitzituen gobernuko zenbait kiderekin, Negrín lehendakariarekin, besteak beste. 1939an, Mexikon hartu zuen bizilekua, eta han espainiar sozialismoa berriro antolatzen saiatu zen. Prietok nazioarteko presioa behar beharrezkotzat hartzen zuen diktadura kentzeko, eta Espainiako estatuaren etorkizun politikoa demokratikoki erabakiko zukeen bozketa beharra azpimarratu zuen. Haren iritzia garaile atera zen atzerrian ziren sozialisten artean, eta, hala, 1948an, monarkikoekin itun bat sinatzea lortu zuen Donibane Lohizunen, baina Francoren eta Don Joan Borboikoaren arteko elkarrizketek eta nazioarteko presioa gutxitu izanak indargabetu egin zuten itun hura. 1948an hartutako erbesteko PSOEren zuzendaritza 1950ean utzi, eta Mexikoko hiriburuan hil zen 1962an.