Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Prim i Prats, Juan

Espainiar militarra eta politikaria (Reus, Tarragona, 1814 - Madril, 1870). Karlistadak hasi zirenean Elisabet II.aren aldeko agertu zen, baina erreginaren garaipenaren ondoren Espartero jeneralaren gobernuaren aurka jarri zen. 1843an Gorteetako diputatu hautatu zutenean aurre egin zion gainbehera etorri zen Esparteroren gobernuari. Madrilgo gobernari militar izendatu zuten lehenik eta Bartzelonakoa gero. Ramón María Narváez alderdi moderatuko buruzagiaren gobernuaren aurka matxinatu zen, baina matxinadak huts egin zuen eta erbesteratu behar izan zuen. 1847. urtean Puerto Ricoko gobernadore izendatu zuten, baina kargua utzi eta Espainiara itzuli zen. Krimeako gerran borrokatu ondoren (1853), Marokon (1859-1860) eta Mexikoko gerran (1861) jardun zuen. Espainiara itzulitakoan, eta progresisten buruzagi zela, Elisabet II.ari kontra egin eta bigarrenez joan behar izan zuen erbestera. 1868. urteko iraultzan Espainiara itzuli zen, garaile. Harrezkero gobernu berriko buruzagi izan zen Prim, monarkia konstituzionalaren aldeko. Amadeo Savoiakoa erregetzat onar zezaten lortu zuen, baina errege berria Espainiara etorri baino egun batzuk lehentxeago (1870eko abenduaren 27an) atentatu baten ondorioz hil zen.