Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Powell, Mel

Estatubatuar musikaria (New York, 1923 - 1998). Musikagile, piano-jotzaile eta musika erakuslea. 1990eko Pulitzer saria irabazi zuen Duplicates, bi piano eta orkestrarentzako kontzertuko musikarengatik. Bere konposizioetako askotan hamabi tonuko teknika modernoak erabiltzen zituen. Halaber, musika elektronikoko aitzindarietako bat izan zen. Powellen konposizio nagusiak Filigree Setting (1959) eta Haiku Setting (1960) dira, lau hari tresnetarakoa aurrenekoa, eta ahots eta pianorako bigarrena. Piano-jotzaile eta musika moldatzaile gisa hasi zuen bere musika karrera, Benny Goodmanen orkestran, 1942-1944 bitartean. Gero, aire armadako Gleen Miller Army Air Force Band-en jo zuen. 40ko hamarraldiaren bukaeran jazz jotzaile onenetako bat zen. Dena dela, jazz ikasketak alde batera utzita, musika klasikoko ikasketak egin zituen (1952), Yaleko Unibertsitatean, Paul Hindemith musikagilea irakasle zuela. 1950eko hamarraldiaren erdialdean eskolak eman zituen Mannes Collegen, New Yorkeko unibertsitate hirian. Yalera itzulita, eskolak eman zituen 1957tik 1969ra; gero konposizio fakultateko zuzendari izan zen, eta baita Estatu Batuetako musika elektronikoko lehen estudioetako batekoa ere. 1969an eskolak ematen hasi zen Kaliforniako Arte Institutuko Musika Eskolan, eta eskolako dekanoa izan zen 1970eko hamarraldian.