Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pouzin, Louis

Frantses informatikoa (Chantenay-Saint-Imbert, Nièvre, 1931). Eskola politeknikoan ikasketak egin ondoren, industrian lan egin zuen lehenbizi eta MIT Institutuan (Massachusetts Institute of Technology), ondoren; han, Fernando Corbatók zuzendutako MAC proiektuaren barruan Multics sistema prestatzeko lanean parte hartu (1965-1967) eta shell kontzeptua azaldu zuen, sistemako eta bere inguruko aginduen hizkuntza izendatzeko. Multics sistema aitzindaria izan zen eta gaur egungo Unix-en aurki daitezke sistema hartako ideia asko. 1971-1976 bitartean INRIA (Institut national de recherche d'informatique et d'automatique) erakundean CYCLADES proiektua zuzendu zuen. Proiektu horri esker, Pouzinen taldea nagusi izan zen sortzen ari zen ordenagailuen sareen alorrean. 1976-1980 bitartean, Louis Pouzinek INRIAko proiektu pilotuak zuzendu zituen eta ondoren CNET (Centre nNational D'étude des Télécommunications) erakundean sartu zen, eta han sareen alorreko ikerketak bultzatu zituen. 1992. urteaz geroztik, aholkularitza eta irakaskuntza alorretan aritu da.