Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pollini, Maurizio

Italiar piano jotzailea (Milan, 1942). 9 urte zituela egin zuen debuta eta 15 urte zituenerako ospetsua zen Italian, Chopinen estudioez egindako interpretazioak prentsan eragindako mirespenari esker batez ere. 1959, urtean Milango Kontserbatorioaren titulua eskuratu zuen, eta hurrengo urtean Chopin nazioarteko lehiaketa irabazi zuen Varsovian; bera izan zen lehiaketa hartako interpreterik gazteena. Harrezkero Arturo Benedetti Michelangeli italiarrarekin ikasi zuen eta hainbat kontzertu eman zituen mundu guztian zehar. Bere errepertorioa oso zabala da, hasi Bachen lanetatik eta Boulezenetara, Chopin, Bartók, Schubert, Prokófiev edo Schönbergenak tartean direla. 1982. urteaz gero zuzendari sinfoniko eta operako zuzendari gisa ere lan egin du. Pollinik oso estilo berezia erakutsi du; zorroztasun intelektual handiko piano jotzailea da eta horren eraginez batzuetan musikatik urrun dagoela irudi lezake, baina aldi berean goraipagarria da bere interpretazioetan erakusten duen garbitasuna.