Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Polignac, Jules Auguste Armand Marie de

Frantses politikaria (Versailles, 1780 - Paris, 1847). Cadoudalen konplotean parte hartu zuen; preso hartu zutelarik, ihes egitea lortu zuen. 1814an Parisa itzuli zen Artois-eko kondearekin eta Borboikoei jarraitu zien Gante-ra (1815). Luis XVIII.aren agintaldian ere Artois-eko kondearen taldeko kidea izan zen. Frantziako pare hautatu zuten, baina uko egin zion Gutuna zin egiteari erlijio arrazoiak zirela eta. 1820an Erromako printze titulua jaso zuen eta 1823-1827. urteetan enbaxadore izan zen Londresen. 1829an Kanpo Arazoetarako ministro izendatu zuten eta urte berean Kontseiluko lehendakari hautatu zuten. Liberalen gaitzespena jaso zuen Ingalaterrarekiko eta Elizarekiko erakusten zuen mendekotasuna zela eta. Europako egitura politikoa berriro antolatzea proposatu zuen turkiar erresuma gainbehera etorri zenean, baina asmoa bertan behera geratu zen Prusia ados ez zegoelako. Aljeriako espedizioa antolatu zuen, eta horren ondorioz ingelesen kidetasuna galdu zuen. 1830. urteko ordenantzak erredaktatu ondoren aginpidea utzi behar izan zuen, eta Granvillen atxilo hartu zuten Ingalaterrara ihes egin behar zuenean. Pareen ganberan azaldu behar izan zuen eta, titulu guztiak kendurik, bizi guztirako espetxe zigorra eman zioten. 1836an amnistia lortu zuen.