Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Polifemo

(Gr. Polyphemos). Mit. Ziklopeetako bat, Poseidonen eta Thoosa ninfaren semea. Odiseako pasarte ezagun baten protagonista. Ulise eta hamabi lagunak Polifemoren eskualdera iritsi zirenean (Sizilia) erraldoiak harrapatu eta bere harpean atxilotu zituen. Otorduetan bina lagun jaten hasi zen eta hala haietariko sei irentsi zituen. Ulisek ardoa eskainirik, ziklopeak ordainez azkena jango zuela esan zion. Heroia “Inor ez” izenez aurkeztu zitzaion. Polifemo ardoaz horditurik lokartu zen, eta Ulise eta lagunek tantai bat sartu zioten begi bakarrean eta itsutu zuten. Ondoko goizean larrera zihoazen ardi-aharien sabelari heldurik harpetik irtetea lortu zuten. Polifemok ziklope lagunei deitu zien lagun ziezaioten, baina nork itsutu zuen galdetzen zutenei “Inork ez” erantzuten zienez erotu zela pentsatu eta alde egin zuten. Polifemok, haserre bizian, Poseidon bere aitari mendekua har zezala eskatu zion. Handik harat Ulise eta lagunek ekaitz gogorrak jasan zituzten beren bidaian. || Homeroren poemaz gainera, Teokritoren idilio baten protagonista da Polifemo: Galatea nereidaz maitemintzen da baina honek Azis artzaina hobesten du. Ovidiok ere gai bera erabili zuen.