Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pistoletto, Michelangelo

Italiar margolaria (Biella, Vercelli, 1932). Aitaren lantegian hasi zen margolaritzarekin harremana edukitzen, koadro zaharrak konpontzen eta eraberritzen. Bere lehenengo lanak olio pinturan egindako autoerretratuak izan ziren. 1962an jarri zituen erakusgai bere lehenengo Quadri specchianti; lan haiekin arte dinamikoa sortu zuen, koadroen gainaldean irudiak islatuz, ikuslea unean-unean obran parte hartzera bultzatuz. 1966. urtean Oggetti in meno izenburuko instalazioa aurkeztu zuen; lan horretan erakutsi zituen objektuak ez ziren garai batean edo jatorrian izan zirenaren parteak edo hondarrak besterik. 1968an arte povera mugimenduaren lehenengo erakusketan parte hartu zuen, baina beti nabarmendu da artista independente gisa. Arte garaikidearen hizkuntza berrikuntzaren protagonista nagusietako bat da. Bere lanaren erakusketa ugari prestatu ditu, sorkuntza artistikoa ez dela irudi mugiezin batera murrizten erakusteko, eta arte lanak bere inguruko ezaugarriekin elkar-eragina izan behar duela azpimarratzeko helburuarekin betiere.