Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pisa

Italiako erdialdeko hiria eta izen bereko herrialdeko (2.448 km2 eta 389.391 biztanle) hiriburua, Arno ibaiaren ertzean, Toskanan. 104.554 biztanle. Artzapezpiku egoitza. Burdinbidegune garrantzitsua. 1343. urtean sortutako unibertsitatea. Industrian (burdinbide gaiak, mekaniko, ehungintza) eta turismoan oinarritua da ekonomia jarduera nagusia. Monumentu ugari gorde ditu Pisako hiriak, gehienak pisatar estiloan eginak, Toskanan eta Sardinian nagusitu zen estiloan hain zuzen. Aipagarriak dira , besteak beste, XI. mendeko katedral erromanikoa, XII. mendeko dorre okertua ( 1989. urtetik aurrera debekatua dago dorre okertuan sartzea), Domeniko santuaren eliza (XII. m.), Andrea santuarena (XII. m.), San Paolo A Ripa d’Arno eliza (XII-XIII. m.), Santa Maria della Spina eliza (XIV. m.) eta Galileo, Medici eta Cavalieri jauregiak.  v Historia. Ligur herria bizi zen han erromatarrak iritsi ziren arte eta K.a. 180. urtean, Erromaren zabalkundearekin batean, errepublikako lurraldearen barnean geratu ziren Pisa eta inguruak. Itsas portu garrantzitsua izan zen ondoren, inperioko itsas armadaren baseetako bat alegia. K.o. 313. urtean apezpikuaren egoitza bihurtu zen Pisa. Erromako Inperioaren gainbeherak Italia hiri-estatutan banatzea ekarri zuen: Erdi Aroan zehar hiri horietako batzuek oparotasun handia izan zuten, Pisakoak, adibidez. Merkataritza eta industria hiri garrantzitsua zen Berant Erdi Aroan Arno ibaiari esker, honek itsasorako irteera eskaintzen baitzion hiriari. Bere itsas armada zuen Berant Erdi Aroan eta XI. mendean Italia mehatxatzen zuten musulmanei aurre egin ahal izan zieten pisatarrek. Horrenbestean, genoarrekin bat egin zuten 1016an musulmanak Sardiniatik egozteko eta musulmanen mende zegoen Palermoko hiria hustu zuten. Gurutzadetan parte hartu zuten eta ondorioz merkataritza harreman baliotsuak lortu zituzten Siriarekin. Italian bertan, ordea, Luca eta Florentziako hiriekin lehian aritu zen Germaniako enperadoreen laguntzaz, baina 1248. urtean Genoako armadak menderatu zuen Pisakoa Meloriako guduan. XV. mendean hasi zen Pisaren gainbehera, Arno ibaiaren hondoa lohiaz bete eta ondorioz pisatarrek inguruko eskualdeekin zuten komunikabide nagusia erabiltezin bihurtu zelako. Bigarren Mundu Gerran kalte handiak jasan zituen hiriak.