Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pires, José Cardoso

Portugaldar idazlea (Castelo Branco, 1925 - Lisboa, 1998). Hainbat lanbidetan jardun zuen bere bizitzan zehar, matematikari, marinel eta kazetari gisa besteak beste. Bere literaturari dagokionez, portugaldar neorrealismo tradizionalari lotua izan da, eta Hemingwayren eta Ameriketako short story delakoaren jarraitzaile izan zen. Hainbat genero landu ditu, adibidez ipuina -Os caminheiros (1949) eta Histórias de amor (1952)-; eleberria –O Anjo Ancorado (1958)–; antzerkia –O Render dos Heróis–, B. Brechten eraginpean idatzitako obrarekin; eta saiakera, Cartilha do Marialva (1960) esaterako. Lehenengo arrakasta 1963an eskuratu zuen, Jogos do Azar ipuin bildumarekin, eta Hóspedes de Job polizia eleberria eta gizarte egoera gatazkatsua bateratzen dituen eleberriarekin. Ondoren idatzi zituen O Delfim (1968), Dinossauro Excelentíssimo (1972) satira politikoa eta E agora, José? (1977) saiakera politikoa; testu kritiko eta konprometitua osatu zuen, orobat, Corpo-Delito na Sala de Espelhos (1979, 1980an argitaratua) antzerkirako idatzitako obran. Piresek kontalari aparta zela erakutsi zuen, besteren artean, A balada da praia dos cães (1982) ipuin bildumarekin, maisutasunez bateratu baitzituen prosa artistikoa eta Lisboako kale hizkera; kutsu eta giro horretakoa da, orobat, Alexandra Alpha (1987) eleberria. Ez ordea A República dos Corvos (1988), zeinetan urrundu baitzen errealitatetik eta eman baitzituen esanahi alegorikoko zenbait kontakizun. 1997. urtean Lisboa. Diario de a bordo lan autobiografikoa idatzi zuen.