Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Piemonte

Italiako ipar-mendebaleko eskualdea. 25.400 km2 eta 4.441.921 biztanle. Hiriburua, Turin. Hiri nagusiak: Asti, Biella, Chivasso, Ivrée, Novara, Susa eta Vercelli. Iparraldean arku handi bat eratzen dute Alpe mendiek eta bertan daude Italiako eta Frantziako gailur nagusi zenbait: Viso (3.841 m), Paradis Handia (4.061 m), Mont Blanc (4.807 m), Cervino (4.478 m) eta Rosa mendia (4.638 m). Haran estu sakonek zeharkatzen dituzte mendiok eta han daude Frantzia eta Italia lotzen dituzten lepoak (Larche, Mont-Genevre, Mont du Saint-Bernard eta Mont du Simplon). Iparralde menditsuaren eta hegoalde lauaren artean garaiera txikiagoko muinoak daude. Klima kontinentala da. Alpe mendietatik jaisten diren Po ibaiak eta honen adarrek ureztatzen dituzte Piemonteko lurrak. Abere hazkuntza eta turismoa dira Piemonteko iparraldeko ekonomia jarduera nagusiak; zentral hidroelektriko ugari daude ibaien goi ibilguetan. Garia, garagarra, artoa, bazkarako landareak, arroza eta, batez ere, mahatsa lantzen dira Piemonteko eskualdearen erdialde eta hegoaldean (Italiako ardoaren % 14 ekoizten da bertan). Oso industria aberatsa eta ugari da Piemonten, Turin-Milan-Genoa industria ardatz handiari esker. Metalurgia, nekazaritzarako makineria, automobilgintza (Fiat, Lancia), mekanika industria, bulegoetarako makineria, kimika industria, ehungintza, janari industria eta ardogintza dira industria garrantzitsuenak.  v Historia. Transpadanako eta Liguriako eskualdeen barne zegoen erromatarren garaian eta Odoakro-ren (476-493), Teodorikoren (493-526) eta bizantziarren mende egon zen (555). Lonbardiarrek dukerrietan banatu zuten, frankoen garaian konderri bihurtuzirenak. Ivreako markesaren ingurura bildu zen lurralde osoa X. mendean, hungariarren eta sarrazenoen erasoak zirela eta. X. mendearen bukaeran, berriz, Ivreako, Turingo eta Liguriako eskualdeetan banatu zen lurraldea (950). 1240. urtean agertu zen lehen aldiz Piemonte izena. XIV. mendetik aurrera Savoiako etxearekin lotuta dago Piemonteko historia. Frantziaren mende egon zen 1796-1814 urteetan.