Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

petrologia

iz. Geol. Harrien izaera, tasunak eta osaera, elkarren arteko berdintasunak eta desberdintasunak, sailkapena eta jatorria aztertzen duen geologiaren alorra. Petrologiak erabiltzen dituen ikerketa metodoak eta teknikak harrien tasun desberdinak ezagutzera bideratzen dira. Aztertzen dituen tasun batzuk hauek dira: gogortasuna, solidotasuna, kolorea, disolbagarritasuna, irazkortasuna, tasun elektrikoak, optikoak eta magnetikoak, osaera kimikoa eta abar. Azterketa hauek egiteko mikroskopio polarizatzailea, mikroskopio elektronikoa, isla mikroskopioa, X izpiak, difraktometroa, kimika analisia (kualitatiboa eta kuantitatiboa) eta espektrografoa erabiltzen ditu, besteak beste. Azterketa hauen bidez harriak nola eratu ziren jakitera irits daiteke sarritan. Bi adarretan zatitzen da petrologia: petrografia eta petrogenesia.