Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

petrokimika

iz. Petrolioaren eratorriak diren gaien azterketaz diharduen kimikaren alorra, 1920 eta 1925 bitartean sortu zena. Gai horiek petroliotik edo gas naturaletik lortzen dira cracking edo pirolisi bidez. Petrokimika gai nagusiak metanoa, etanoa, propanoa, etilenoa, azetilenoa, bentzenoa, hidrogenoa eta abar dira. Petrolioaren eratorriak izanik ere, erregai gisa erabiltzen diren gaiak (gasolina, fuel-olioa…) ez dira hartzen gai petrokimiko gisa. Gas petrokimikoekin alkoholak, zetonak eta glikolak ekoiztea lortu zenean kimika alifatikoari bide berria zabaldu zitzaion. Bigarren Mundu Gerraz geroztik petrokimikak garrantzi handia hartu zuen mundu guztian, sintesi bidez lortutako kautxuaren eta lehergaien eskakizuna handia baitzen. Petrolioren gai eratorriak geroz eta ugariagoak dira, eta hori dela eta, geroz eta garrantzi handiagoa du petrokimikak. Gai horiek kautxuaren industrian erabiltzen dira (autoen industrian batez ere), amoniakoaren industrian (ongarrien ekoizpenean bereziki), disolbatzaile eta plastifikatzaile gisa, eta plastikoak, kolore-emaileak, lehergaiak, botikak eta abar egiteko. Petrokimikak hiru prozedura mota nagusi erabiltzen ditu, lehengaiaren arabera: 1) Prozedura alifatikoak; etanoa, propanoa, etilenoa, propilenoa, butilenoa, azetilenoa, butadieno eta katea luzeko beste hidrokarburo alifatiko batzuk erabiltzen dituzte lehengai gisa. Hauek gas naturalaren edo petrolioaren crackinga tenperatura beroetan eginez lortzen dira. 2) Prozedura aromatikoak; bentzenoa, toluenoa, xilenoa, naftalenoa eta beste hidrokarburo zikliko ase batzuk erabiltzen dituzte lehengai gisa. 3) Prozedura inorganikoak; amoniakoa, hidrogeno zianuroa, ikatzaren beltza eta sufrea erabiltzen dituzte; hauek geroz eta gehiago lortzen dira gas naturaletik.