Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Perret, Auguste

Frantses arkitektoa (Ixelles, Brusela, 1874 - Paris, 1954). Parisko Ecole des Beaux-Arts ikastetxean egin zituen arkitektura ikasketak. Eraikuntzan altzairuz indartutako zementua erabiltzen lehena izan zen. Berak eraiki zituen Parisko Ponthieu kaleko garajea (1905), Champs-Elysées-etako antzokia (1913), Le Raincy eliza (1922-1923) eta Ecole Normale de Musique ikastetxea (1929). Bigarren Mundu Gerraren ondoren, arkitekto nagusi izendatu zuten Le Havre berriro eraikitzeko lanetarako.