Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Permach Martin, Joseba

Gipuzkoar politikaria (Donostia, 1969). Herri Batasunako eta Batasunako buruzagi eta bozeramaleetako bat. Ekonomia ikasketak egin zituen. 1992tik 2000ra Herri Batasuna eta Euskal Herritarrokeko zinegotzia eta bozeramalea izan zen Donostiako udalean. Herri Batasunako Mahai Nazionala atxilotu zutenean (1997), koalizioko koordinatzaile izateko hautatu zuten, eta, gainera, bozeramale lanak egin zituen, Arnaldo Otegirekin batera. 1998an, Lizarrako Ituna izenpetu zuten Herri Batasunako ordezkarietako bat izan zen. 2000tik 2005era Sozialista Abertzaleakeko eusko legebiltzarkidea izan zen. Hainbat auzi ditu irekita, eta 2007ko urriaren 4an, Seguran bilera batean zegoela, atxilotu egin zuten Batasunaren zuzendaritzako beste kide batzuekin batera. Harrezkeroztik espetxean dago.