Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Perlman, Itzhak

Israeldar biolin-jotzailea (Tel Aviv, 1945). Lau urte zituela poliomielitisak jota elbarri geratu zen. Hamar urterekin lehen kontzertua eman zuen Tel Aviven. 1958. urtean New York Hiriko Juilliard eskola ospetsuan sartu zen eta Ivan Galamian eta Dorothy DeLay-rekin ikasi zuen. 1963. urtean aurkezpena egin zuen hiri bereko Carnegie Hall antzoki famatuan, eta urtebete geroago Leventritt saria irabazi zuen. Hari esker, Ameriketako orkestra nagusiekin hasi zen jotzen. 1968. urtean aurkezpena egin zuen Londresen. Kontzertuak eman ditu mundu osoan zehar, eta musika jaialdi ospetsuenetan irakasle eta biolin-jotzaile gisa aritu izan da. Biolinerako idatzitako lan nagusiak grabatu ditu.