Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Petri Ia Ankerra

Gaztela eta Leongo erregea (Burgos, 1334 - Montiel, 1369). Alfontso XI.aren semea. Hamasei urterekin egin zen Gaztelako errege. Garai hartan Ingalaterra eta Frantzia Ehun Urteko Gerran ari ziren, eta Joan II.a errege frantsesak hitzarmen bat egin zuten Petri Ankerrarekin, Gaztelaren laguntza eskuratzearren. Hala, hitzarmen hark beharturik, Joan II.aren alaba Zuriarekin ezkondu zen Petri I.a; ezkondu eta berehala, ordea, abandonatu zuen Maria de Padillarekin ezkontzeko. Aitonen seme nagusien indarra ahultzearren, hirietako burgesiaren alde jokatu zuen, baina bere anaiaorde Henrike Trastamarakoarekin –gero Henrike II.a izan zenarekin– eta Gaztelako handikiekin istilu larriak izan zituen horregatik. 1353an aitonen seme nagusien matxinada krudelkeriaz zapaldu zuen, eta Gaztelako handiki askorekin Frantziara erbesteratu zen Henrike. Urte batzuk geroago, gerra piztu zen Gaztelaren eta Aragoien artean arrazoi politikoak eta ekonomikoak zirela eta. Egoera hartan, Aragoiko erregea Henrikeren alde jarri zen, Gaztela barruan gatazka sortzearren. Frantziak Aragoien alde jokatu zuen eta Gaztelak Ingalaterraren laguntza lortu zuen. 1369an, Henrike Trastamarakoak gudaroste frantsesen laguntzaz Petri I.a Krudela menderatu eta hil zuen.