Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Peces-Barba Martínez, Gregorio

Espainiar politikari eta abokatua (Madril, 1938). Madrilen egin zituen zuzenbide ikasketak eta Estrasburgon osatu zituen, zuzenbide konparatuaren alorrean. Aita abokatua zuen eta harekin hasi zen lanean. Irakasle lanetan ere aritu da, besteak beste Madrilgo Karlos III.a Unibertsitateko irakasle eta errektore gisa; eta honoris causa doktore egin dute UNEDen, Vigoko Unibertsitatean etab. 1963. urtean Cuadernos para el Diálogo aldizkaria sortu zuen, besteak beste, Joaquín Ruíz-Giménez, Pedro Altares eta Javier Rupérezekin batera. 1972an PSOE alderdian sartu zen (garai hartan ezkutuko alderdia zen), eta alderdi horretan hainbat kargutan egon da. 1977ko hauteskunde orokorretan diputatu hautatu zuten, eta kongresuko sozialisten talde parlamentarioko idazkari izendatu zuten; 1981ean dimisioa eman zuen arte bete zuen idazkaritza lana. 1979ko eta 1982ko hauteskundeetan berriro hautatu zuten diputatu, eta 1982an kongresuko lehendakari izendatu zuten, gainera. Kargu horretan lan egin zuen Madrilgo Unibertsitate Complutenseko lanarekin batera, eta 1986an kargu hura utzi ondoren irakaskuntzan murgildu zen buru-belarri. Beste zenbait lanez gainera Europako legebiltzarreko kidea izan da, kontseilu horretako espainiar ordezkaritzaren lehendakariordea. Argitara emandako liburuen artean aipagarriak dira Teoría general de los derechos humanos (Giza eskubideen teoria orokorra), Texto básico de los Derechos Humanos (Giza Eskubideen oinarrizko testua), Libertad, poder, socialismo (Askatasuna, boterea, sozialismoa), etab.