Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Paz, Octavio

Mexikar idazlea (Mexiko, 1914 - Coyoacan, Mexikoko Hiria, 1998). Hemeretzi urte zituela argitaratu zuen bere lehen poema liburua: Luna silvestre (1933, Basa Ilargia). 1937an Espainiara joan zen, eta Francoren kontrako idazleen elkarteari lotu zitzaion. Mexikora itzuli aurretik Parisen izan zen, eta surrealismoak zirarra handia eragin zion. Hurrengo urteetan, Mexikon, Taller (1939) eta El Hijo Pródigo (1943) literatura aldizkariak sortu zituen. Ikasketak Estatu Batuetan osatu ondoren, 1945tik aurrera Mexikoko diplomaziako kide aukeratu zuten. Hala, Parisen eta Japonian lan egin zuen eta, bide batez, herri haietako poesia eta pentsamendua aztertu zituen. 1962-68 bitartean Mexikoko enbaxadore izan zen Indian, baina Mexikoko gobernuak ikasleen aurka zeraman politika zela eta, jokabide hura salatu nahian, uko egin zion karguari. 1990ean Literaturako Nobel saria irabazi zuen.  v  Octavio Paz-en idatzietan marxismoa, surrealismoa, existentzialismoa, budismoa eta hinduismoaren eragina antzematen da. Adinaren heldutasunean egin zuen poesian, erruz erabili zituen surrealismoaren eragin agerikoa dituzten irudiak, gai metafisikoak lantzeko. Paz-ek liburu askotan, amodio erotikoaren eta sormenaren bidez, gizonak bakardadea gainditzeko duen gaitasuna azpimarratzen du. Idatzi dituen poesia lan askoren artean, aipatzekoak dira Piedra de sol (1957, Eguzki-harria), Libertad bajo palabra (1960, Hitzpeko askatasuna), Salamandra (1962), Blanco (1967), Topoemas (1968), Ladera este (1971, Ekialdeko aldatsa), Hijos del aire (1981, Haizearen semeak), El fuego de cada día (1989)… Prosaz berriz saiakerak eta literatura kritikak egin ditu gehienbat; prosazko idatzietan nabarmen ageri da Paz-en zorroztasuna, dotorezia eta jakituria. Horien artean, aipagarriak dira: El laberinto de la soledad (1950, Bakardadearen labirintua), Mexikoko izaera, historia eta kultura aztertzen dituena, El arco y la lira (1956, Arkua eta lira) eta Las peras del olmo (1957, Zumarrondoaren madariak), Ameriketako espainierazko poesaia aztertzen dutenak, Conjunciones y disyunciones (1970, Konjuntzioak eta disjuntzioak) eta El mono gramático (1974, Tximino gramatikaria). Bere bizitzako azken urteetan ere lanean jarraitu zuen, eta hainbat lan argitaratu zuen, besteak beste: La otra voz. Poesía y fin de siglo (1991), La llama doble (1993), Amor y erotismo (1993), Vislumbres de la India (1995).