Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Paz Zamora, Jaime

Boliviar politikaria (Cochabamba, 1943). Errepublikako lehendakari 1989-1993 bitartean. Filosofia eta politika zientzietako ikasketak egin zituen. Movimiento de la Izquierda Revolucionaria (MIR, Ezker Iraultzailearen Mugimendua) alderdi sozialdemokrataren buruzagi gisa Errepublikako lehendakariordetzarako hautagai izan zen, 1980an, Hernán Siles Zuazo zela lehendakari. Unión Democrática Popular (UDP, Herri Batasun Demokratikoa) koalizioaren laguntza izan zuen –MIRek, komunistek eta bere osaba Víctor Paz Estenssoro eta Silesek sortutako Movimiento Nacionalista Revolucionario (MNR, Mugimendu Nazionalista Iraultzailea) alderdiak osatzen zuten koalizioa–. Irabazle atera zen arren, estatu kolpe batek gobernua eskuratzea eragotzi zion, 1982 arte. Koalizio horrek berak Paz Estenssorori eman zion agintea 1985ean. 1989an, Alianza Democrática Nacionalista (ADN, Aliantza Demokratiko Nazionalista) alderdiarekin ituna egin ondoren, Errepublikako lehendakaritza lortu zuen. 1997an, bere agintaldia bukatu eta lau urtera, berriro aurkeztu zen lehendakaritzarako hauteskundeetara, baina ADNko buru Hugo Banzerrek garaitu zuen.